Catchword

Jesusen Bihotzaren Anaien fundazioaren 2. mendeurrena ospatuko dugu aurten. “Bihotzak bultzatzen gaitu” goiburuan saiatu gara jasotzen historiako 200 urte horiek.

Izan ere, hitz bakar bat aukeratu behar bagenu 200 urte horiek izan direna laburtzeko, hitz hori BIHOTZA izango litzateke.

Aita Andres Coindre izan zen duela 200 urteko historia honi hasiera eman ziona. Begiak eta bihotza ireki-irekiak zituen gizona izan zen Aita Andres Coindre. Begiak, inguruko errealitatea ikusi ahal izateko; bihotza, berriz, Jainkoaren deiari eta Hark berarentzat zuen planari erne egoteko.

Ikusi zuena ez zuen gustuko izan eta bere buruari galdetu egin zion. Bihotza ere irekita zuen Jainkoaren deiari erne egoteko.

Predikatzaile bikaina zen Aita Andres eta etorkizun ospetsua izan zezakeen Elizan. Baina gutxien espero duzun une eta tokian deitzen du Jainkoak, eta hala gertatu zitzaion Aita Andresi. Lyongo haur eta gazte pobre eta baztertu haien bidez deitu zuen Jainkoak Andres eta esan zion: “Andres, atera zure konfort-gunetik, segi predikazioarekin, baina har ezazu Lyongo kaleetan zehar dabiltzan eta kartzelan preso dauden haur eta gazteen ardura.”

Serio hartu zuen Aita Andresek dei hura eta bere buruari galdetu zion: Zer egin dezaket? Zer nahi du Jainkoak nik egitea? Zein da bere plana? Zein da eskatzen didan misioa? Nahi bat sortu zen bere barnean: “Baztertutako haur eta gazte horiek hezkuntza behar dute, eskola behar dute. Lyongo kaleetan eskolarik gabeko umerik egon ez dadin saiatu behar dut.” Horretarako sortu ziren Jesusen Bihotzaren Anaiak, 200 urte betetzear dagoen Anaien Kongregazioa.