Sacred Heart Mundaiz School

Sacred Heart Followers

2019-2020: Xumearen indarra.

Apaltasuna gizakiak bere mugak eta ahuleziak ezagutzeko duen gaitasuna da, eta horiek onartuta, lanari ekitea besteenganako errespetoz, beti ere.

 

Dohain honek, zuzentasunarekin batera, hau da, gure buruarekin eta besteekin zintzo jokatzeko ahalmena, alegia,  konfiantza eta errespetua merezi duten pertsona bihurtzen gaitu.

 

Apala den pertsona xumea eta eskuzabala da, bere gaitasunaz eta ahuleziaz jabetu, eta gorputz eta arimaz aritzen dena besteekiko zerbitzuan. Apala den pertsonak ongi daki pribilegiatua dela  jaso dituen gauza guztiengatik eta esker oneko agertzen da horrexegatik. Errespetuz jokatzen du jaso dituen gauza  eta inguruko  gizaki guztiekin, denak berdinak eta duintasun berekoak direla jabetuta.

 

Apala izateak ez du inolaz ere besteak baino gutxiago garenik esan nahi. Gizaki garelako  balioetsita sentitzea da eta  gainontzekoak ere duintasun berarekin balioestea. Apaltasuna ez da nork bere burua gutxiestea, nork bere buruan gutxiago pentsatzea baizik.

 

Apaltasunak guregan dagoen on guztia agerrarazten du. Aurtengo ikasturteko apustua  umilagoak izaten ikastea da, munduaren erdigunea eta hobezinak ez garela ikastea, garenaren egia ezagutzea, gure argi eta itzalekin batera, onartzeko eta pertsona bezala hobeak izaten saiatzeko.